Skip to main content

Eh, Mertxe! taldeak Rock-and-Roll doinuak jarri dizkio Araba Euskarazen abestiari

2024/04/10
Araba Euskaraz ´24 kanta

Araba Euskarazen 2024ko edizioak badu dagoeneko kanta. Aurtengo leloaren izen bera dauka: ‘Mugaezin’. Ibai Landa dugu abestiari hitzak jarri dizkiona. Ikastolako ikasle ohia, eta Oiongo San Bizente ikastolako irakaslea dugu Ibai.

Abestiarekin, eta abestia oinarri hartuta osatu dugun dantzarekin, euskarak ez duela mugarik adierazi nahi izan dugu. Harresiak hautsi genizkiola, hemen euskararen periferian; eta periferiatik erdigunera ere eramaten dugula euskara. Letrek azaltzen dute ekitaldi honetarako Araba Euskarazek hedatu nahi duen mezua. Batetik aniztasuna islatzen du, horrelakoa baita Oiongo San Bizente Ikastola: jatorri ezberdineko kidez osaturiko komunitate bat, herri eta herrialde ezberdinetik iritsi eta guztiak ikastolan elkartzen diren kidez osaturiko komunitatea. Bestetik, Arabako ikastolok bat egin dugula ere esaten du abestiak. Guztiok elkarrekin hirugarren urtez jarraian antolatzen dugun Araba Euskaraz baitugu aurtengoa.

Eh, Mertxe! rock taldeak jarri  dio doinua abestiari. Ibai Landa bera da taldeko kideetako bat. Besteak dira: Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri. Guztiak ikastoletako kide ohiak. Rock-and-roll banda zitala da Eh, Mertxe!; kementsua, gitarra zorrotzekin eta doinu melodiko eta infekziosoekin, bulkada basatien erritmora dantza eta oihu egitera bultzatzen duena. Agertoki gainean indarra eta sinpatia transmititzen dituen taldea da, eta 2015etik dabil oholtza gainean.

Rock-and-roll musika energiko eta dantzagarria proposatu digute ‘Mugaezin’ abestiarekin. Osatu dugun bideoklipean San Bizente ikastolako komunitate guztia jarri dute dantzan. Izan ere, auzolanean ekoitzi dugu bideoklipa: ikasleek, irakasleek, gurasoek, San Bizente ikastolaren sortzaile eta  lagunek parte hartu dute. Lander Etxedonak zuzendu du bideokliparen errealizazioa. Lander ere ikastolako ikasle ohia da.

Abestiaren aurkezpen kontzertua

Eh, Mertxe! taldeak EHUren Arabako Campuseko Unibertsitate pabiloian egingo du Mugaezin abestiaren aurkezpen kontzertua. Gaur bertan izango da, arratsaldeko zazpietan, eta sarrera doan izango da.

 

 

EH, MERTXE! MUGAEZIN

Hitzak: Ibai Landa

Musika: Ibai Landa, Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri

Musikariak: Ibai Landa, Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri

 

Arnasgunea Arabako Errioxan

Gure hizkuntzaren hesiak bota zituena

Ebro ibaiaren ertzean bere atea

45 urtez irekia

 

Zortzien lankidetza beharrezko energia

ikastolen magia gure mingainak dantzan jartzea

 

MUGAEZIN ARABAN EUSKARA

MUGIMENDU ETENGABEAN

MAHASTI ARTEAN JAIOTAKO EKILOREAK

OIONEN DU BERE ETXEA

 

Mugagabea herriko ikastola

Izaeraz hautsitzailea izan dena

Bere ikasleak izandako ume bezala

Euskaraz abestearen motiboa

 

Eskualdeko birika bizia

Nortasunean harrotasunez jantzia

 

MUGAEZIN ARABAN EUSKARA

MUGIMENDU ETENGABEAN

MAHASTI ARTEAN JAIOTAKO EKILOREAK

           OIONEN DU BERE ETXEA

Albisteak