TANTA

TANTA

ZER DA?

 

Ikastolok badakigu, ongi jakin ere, elkartasuna zer den. Sortu ginenetik jaso izan dugu, eta horri esker atera dugu aurrera ikastolen proiektua.

Euskal Herriko ikastolen proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko TANTA egitasmoa abian jarri dugu. Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena izango da TANTA, herritarrek beronen alde ekarpena eginez egikarituko dena.

Herritarren esku jarriko diren bost euroko TANTA txartelek ikastolek beharrezkoa duten bultzada ekonomikoa emateaz gain, herritarrak ikastoletako egungo ikasleen garapenean partaide bihurtuko dute, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak.

TANTA ikastola guztien egitasmoa da, horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena. Urtero, urte horretako jaietako ikastola antolatzaileek izango dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere, auzolanean, parte hartuko dute ekimenean.

 

NOIZ eta NOLA

 

TANTA txartelak abendutik aurrera egongo dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan.

Bildutako elkartasunaren zati bat herritarrei itzultzeko, udaren hasierarekin bat egin nahi izan dute. Horregatik, 60.000 euroko sariaren zozketa ekainaren 25ean egingo dute, notario aurrean.

 

ZORTE ON!

BILDUMA

 

Nondik gatozen, non gauden eta nora joan nahi dugun adierazi nahi dugu. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.

TANTA abiatzeko aukeratu duten lehen pertsona Elbira Zipitria da. Irakasle, pedagogo, ikastolen sortzaile eta lehen ikastolen eta egungoen arteko zubi izan zen Zipitria, bai eta ikastoletako irakasleen irakasle ere, berak sortu zuen irakasle eskolaren bitartez. Frankismoaren urte gogorrenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuen, eta beraren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea.