Zirkuitua eta Egitaraua aurkezteko prentsaurrea

Araba Euskarazek lau area edukiko ditu Prado parketik Armentiako zelaietaraino

Armentia Ikastolak, jaiaren antolatzaileak, beka sistema bat sortuko du egunean zehar bilduko den diruarekin bere ateak zabalik egon daitezen Gasteizko familia guztientzat, euren egoera ekonomikoa bata edo bestea izanda ere.

Araba Euskaraz, hau da, Arabako Ikastolen jaia, Gasteizen ospatuko da aurten, hil honen 16an, Armentia Ikastolak antolatuta, eta zirkuitua, kilometro gutxikoa, lau zonaldetan banatuko da: Prado parkean, Mineral inguruetan, Armentia Ikastolan eta Armentiako zelaietan. Antolatzaileen arabera, festa parte-hartzailea, dibertigarria eta multikulturala izango da.

Aurreko edizioetan ez bezala, aurten areak ez dira publikoaren adinaren arabera banatuta egongo. Zonalde bakoitzean publiko mota (haurrak, gazteak, nagusiak) kontuan hartuko den arren, programazioa anitza izango da eta adin guztientzako aktibitateak eskainiko ditu. “Mugimendua egon dadila nahi dugu, jendeak zirkuitu osoa egin dezan eta ez dadin area zehatz batean geratu pentsatuz gainontzekoetan ez duela bere gustuko ezer aurkituko”. Esaterako, Armentia Ikastolan Haurren Hiria egongo da eta bertan txikientzako tailer asko antolatuko dira, baina ez da umeentzako leku bakarra izango; jolas eta aktibitate gehiago aurkituko dituzte Prado parkean, Mineralen eta Armentiako zelaietan.

Jai parte-hartzailea

Antolatzaileek publikoaren inplikazio eta parte-hartzea sustatu nahi izan dituzte programazioa prestatzerakoan, aurten jendearen aktibazioa Araba Euskarazen ezaugarri eta gako nagusietariko bat izan dadin. “Festaren parte aktiboa izan daitezela nahi dugu, dantzatu eta abestu dezatela, eta horretarako oso eskaintza zabala prestatu dugu: swing, dantza plaza, zumba, batukada… Aurten GERTU da Araba Euskarazen leloa, eta horixe gorpuztu nahi dugu, guztiok elkarrengandik gertu egon gaitezen, hiriko zenbait talde eta kolektiboren parte-hartzearekin. Adibidez, Gasteiz Kantuz eta Afanis-Ras izango dira gure alboan, betiere euskara egunerokotasunera hurbiltzeko eta haren erabilera ohikoa izan dadila sustatzeko”.

Musikari dagokionez, Joselu Anaiak ez dira faltako, ez eta Skabidean eta Ze esatek! taldeak ere. Gainera, munduko musikek ere tokia izango dute egunean zehar; zehazki, Kolonbia, Bolivia eta Saharako doinuekin gozatzeko aukera egongo da Armentiako zelaietan.

Armentia Ikastolan bertan txikiek Erronkan, ginkana moduko batean, parte hartu ahal izango dute, Imanol Iturriño magoak truku harrigarriak egingo ditu, bertsolariek hitzekin jolastuko dute eta herri bazkaria ospatuko da.

Prado parkean Potx eta Lotx pailazoak izango dira protagonistak, baina ez dira bakarrik egongo, Kittu txarangako kideak ere bertan arituko direlako. Eta lehen aldiz Arabako Ikastolen jaian, Osakidetzak lehen sorospenenei buruzko bi tailer antolatuko ditu 8 urteko umeentzat.

Mineral inguruan Eusko Label izeneko zonaldea egongo da. Gauekoak udal programak lau jarduera ezberdin antolatuko ditu bertan –beste sei egingo ditu gainerako zonaldeetan– eta Arabako Artisauek euren produktuak aurkeztuko dituzte.

Berrikuntzen artean, gastrotonbola aipatu beharrekoa da: zozkatu egingo dira bazkariak Arzak eta Matxete jatetxeetan, asteburuko egonaldiak eta Eusko Label produktuak. Eta hori guztia soilik 5 euroko boletoekin!

Eta jaia amaitzen joateko, 17:30ean Prado parkean, Oxabi Erromeria Taldearen musika.

Diru-bilketa eta beka sistema

Aurten Araba Euskaraz antolatzea egokitu zaion Armentia Ikastolak iragarri duenez, egunean zehar bilduko den dirua beka sistema bat sortzeko erabiliko du, besteak beste. Laguntza sistema horri esker, Ikastolako ateak zabalik egongo dira Gasteizko familia guztientzat, euren egoera ekonomikoa ez baita muga edo oztopo izango seme-alabak bertan matrikulatzeko. Ikastolak irakaskuntza eredu inklusiboago batera jo nahi du horrela arlo guztietan, azaldu du. Gainera, espero du diru-bilketak bertako hezkuntza proiektua indartzeko eta kirol instalazioak hobetzeko aukera ere ematea.

Eskuorria eskuratu nahi baduzu sakatu hemen