KOLORE ANITZAK ANTZEZLANA

Kolore anitzak, familientzako antzerkia, aniztasunari eginiko omenaldia Araba Euskaraz eta Armentia Ikastolaren eskutik

Aurten Armentia Ikastola antolatzen ari den Araba Euskaraz-en egitarauaren baitan, herrialdeko familiek haur antzerki berritzaileaz gozatu ahal izango dute, euskaraz, Kolore anitzak ikuskizunari esker.

Kolore anitzak haur antzerkia baino gehiago da. Ipuin-kontalari saio bat da, musika eta animazio digitala uztartzen dituena, eta hori guztia aniztasunaren balioa azpimarratzeko, pertsona bakoitzari izaera bereizia eta esklusiboa emanda. Ipuinak, musika zuzenean eta ilustrazio bizidunak tresna dira helburu horiek lortzeko, adin guztietako ikusleen arreta bereganatuko dituen modu orijinal eta berritzaile batez.

Antzokira bertaratzen diren umeek tablet bat jasoko dute haien artean, bizpahiruren artean, erabiltzeko. Antzezlanean zehar saio musikalek hartuko dute eszenatokia, baina batzuetan ikuskizuna tablet-era pasako da, bertan azalduko baita aktoreen jardunarekin sinkronizaturik egongo den animazio bat. Leiho magiko moduko bat izango da, emanaldia ikus-eduki bizidunekin osatuko duena eta ikuskizunari izaera oso dinamiko eta harrigarria emango diona. Funtsean, askatasunari, tolerantziari eta besteekiko errespetuari zabalik egongo den leihoa izango da.

Taldegune da antzezlan hori ekoizteaz arduratzen dena eta, haiek azaldu bezala, ez dute teknologia multimedia publikoa distraitzeko erabiltzen; alderantziz, teknologiak haurren interesa erakartzeko duen indarra baliatzen dute euren arreta balio hezitzaile handia duten mezuetara bideratzeko. Aldi berean, umeak zuzeneko antzerki eta musikara hurbiltzen dituzte, bai eta familian komunikazioa sustatu ere.

Ikuskizuna bereziki egokia da 3 eta 9 urte bitarteko umeentzat, nagusiek lagunduta. Lehenengo emanaldia hil honen 23an, larunbatarekin, egin zen Agurainen, Harresi Aretoan. Gasteizko txanda izango da, apirilaren 6an Lakuako merkataritza gunean 17:30ean. Biharamunean, igandean, hirugarren emanaldia izango da, azkena, Amurrion, bertako Antzokian 17:00etan.

Sarrerak ondorengo tokietan daude salgai jada: Gasteizen, Armentia Ikastolan, eta Amurrion, Udaletxean.