Helburuak

Datorren ekainaren 17an, Argantzun Ikastolak antolatuta eta “IRRIKITAN”  lemapean, ikastola eta euskararen alde gure gizartean gero eta oihartzun handiagoa lortzen ari den Araba Euskaraz 2018 jaia burutuko da.

1980. urtean lehenbiziko edizioa egin zenetik, Arabako ikastolen proiektuak garatzeko ezinbestekoa izan da, Araba Euskaraz antolatzean, egin diren esfortzuek emandako fruitua, eta horrela izaten jarraituko ahal du. Halaber, mota hauetako ekitaldiekin euskara eta euskal kulturaren protagonismoak gure herrialdean  gorantz doala nabarmendu nahi izaten dugu.

2018an Araba Euskaraz toki oso berezi batean ospatuko da, oraindik Gaztela-Leongo administraziopean kokatua dagoen Argantzunen hain zuzen ere.

Hirugarren aldiz ospatuko da Araba Euskaraz Argantzunen. 2001 eta 2007ko edizioenondoren 2018koaren ordua iritsi da., Ekainaren 17an ospatuko da.

2003an Ikastola sortu zenean, gutxik uste zuten gauden tokira iritsiko ginenik baina, Araba Euskaraz ospatzeak, oraindik ere bizirik gaudenaren seinale argia da.

Ez da ibilbide erreza izan, eta oraindik ere, Ikastolaren egunerokoa lasai izatetik oso urruti dago. 14 urte hauetan, gure Ikastola erreferentzia bilakatu da inguruko herrietako familia Euskaltzaleentzat. Ikasle kopuruarekin arazorik izan ez badugu ere, ofizialki Burgosen kokaturik dagoen lurraldean egoteak zailtasun handiak suposatu ditu, mota guztietako baliabideen aldetik (pertsonalak, materialak eta ekonomikoak). Hala ere, irakasle, familia eta EHIren inplikazioari esker, proiektuarekin aurrera egitea lortu dugu.

Puntu honetara heldurik, urteetan familia askoren eskaera izan den Ikastola handitzeari heldu gatzaizkio. Haur Hezkuntza eskaintzen duen Ikastola izatetik, Lehen Hezkuntza ere eskaintzeko saltoa egiten gabiltza.

Baina aurretik deskribatutako errealitate gordin honen froga, handitzen jarraitzeko, gure burua Ikastolako LH ko haurrak hartuko dituen eraikina Trebiñuko lurraldetik kanpo kokatzera beharturik ikusi izana da. Etorkizunean, Argantzun Ikastolak, mugak gaindituz, bi herritan banaturik izango du bere aktibitatea, Argantzunen eta Sagastietan (Manzanosen).

Hain zuzen ere, 2018Ko edizioan lortuko dugun dirua, Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzeko bideratuko da.

KUTXABANK : 
ES96 2095 3188 00 9117344477
LABORAL KUTXA:
ES17 3035 0355 02 3550015328